URREAREN LAPURKETA
Gau batean, Txitxirio Txiki izeneko mutil ñimiño batek jende hotsak entzun zituen bere etxe ondoko borda zahar batean.
- Hau zuretzat, hau niretzat eta hau Poxtonentzat - ari ziren esaten.
- Lapurrak dira! - pentsatu zuen Txitxiriok -. Ikusi behar dut zer ari diren.
Bordara isil-isilik sartu eta hiru gizon aurkitu zituen bertan. Zaldi bat ere bazuten. Lurrean, urre mordo handia.
Zaldiaren belarri-zuloan sartu zen Txitxirio, besteak beren urrearekin itsuturik zeuden bitartean.
- Hau zuretzat, hau niretzat eta hau Poxtonentzat...
-... eta niretzat ezer ez? - oihu egin zien Txitxirio txikik zaldiaren belarritik.
- Harrapatu gaituzte! - esan zuen lapur batek -. Abere hori gizona da baina zaldi bihurtu da. Sorginkeria dauka eta badaki gure berri. Goazen hemendik!
Lasterka joan ziren hirurak urrea bertan utzita.
Mutiko txikitxoa belarri-zulotik atera zen. Ahal zuen urre guztia poltsetan sarte eta egunsentian itzuli zen Txitxirio Txiki bere etxera.
HIZTEGIA
- ñimiño = oso txikia
- hotsak = zarata
- urrea = oro
- abere = animalia
- egunsentia = amanecer
GALDERAK
- Nondik zetozen Txitxiriok entzun zituen jende hotsak?
- Zer ikusi zuen Txitxiriok barruan?
- Zer esaten zuten lapurrek urrea banatzeko?
- Zergatik pentsatu zuten lapurrek zaldia sorginduta zegoela?